Jaio da Langileon Autodefentsa Sarea

Egoera latza gurea gaur egun. Pairatzen dugun prekarietateak gure arteko antolakuntza ekiditzen du, eta aldi berean, antolakuntza eza honek prekarietatean are gehiago murgitzen gaitu, etengabeko sorgin-gurpilaren preso. Gaur egungo langileon errealitateak berak ere ez digu antolakuntzarako aukerarik ematen: kontratu laburrak, ezegonkortasuna, tokian tokiko kontratuak, beldurra… Gainera, gure onerako, baina taldearen okerrerako, geure burua aurretik jartzen saiatzen gara, lankideon artean zapalduz beharrezkoa bada. Aldi berean, gobernuak egindako lan erreformak direla-eta, langileriaren sektore anitz kapitalaren esku geratu dira. Egoera honi aurre eginen dioten tresnak sortzeko betebeharra daukagu; langileriaren interesak defendatzeko lanabesak alegia.

Hona guk proposatutako tresna: Langileon Autodefentsa Sarea. Langile arteko elkartasun ekintzak garatu eta burutuko dituen auzo eta herritan zehar egituratutako sarea dugu. Egungo egoera dela-eta ezinbestekoa zaigu bermatzea inor ez dela bakartasunean eroriko esplotatzaileen aurka. Beraz amankomunean ekiteko beharra ikusten dugu; elkarrekin beldurrak aienatzen baitira eta interes komunak elkarrekin ere borrokatu behar ditugulako.

Beraz, jasaten dugun errealitateari eragiteko jaio gara; langileriaren beharrak asetuko dituzten ekimenak sustatzea ezinbestekoa zaigulako. Helburu honekin langile eta herri mugimendutik abiatuz lan eginen dugu, elkartasunetik eta elkarlanean, gatazkak karrikaratuz eta gureak eginez, autodefentsa jardunbideak sustatuz.

Lantokian zein kalegorrian ikusiko dugu elkar.

Iruñean, 2016ko udazkenean
Langileon Autodefentsa Sarea